XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dugu uste erromantzearen eragina izan daitekeenik, ikusi diran bi kasu hauetan, pozo eta gato, biek ere interferentzia berdintsua eragin bait zezaketen, baina ez dute berdin operatu.

Gure ustez, nahasketak eta ultrazuzenketak mintzalearengan bertan dautza, ezin bait du berezi jatorrizko hotsa forma mugatuaren sinkretismoaren ondoren.

Edonola ere, fenomeno honi buruz berriro mintzatuko gara hiatoak aztertzerakoan.

46A GARIZUMA - 46B GARIZUMA LUZEA (81-82)

u:- Kontsonantea + bokala, silaba askean.

Será pues preferible pensar en coloración por la consonante siguiente dentro del vasco mismo, antes que en la conservación de un arcaismo latino, por lo que hace a la -u- del aezc. ronc. dekuma, sal. tekuma diezmo [...] o de guip. ant. garaizuma, aezk. b.-nav. guip. lab. garizoma, sul (Geze) goroxuma, gorozema, MITXELENA (1977,78).

Hitz hau komentatzerakoan, hobe izango dugu bere alderdi diakronikoa uztea, sinkronia mailan berez nahiko aldakortsua ageri zaigun hitza baita.

Garizuma forma hartu zen izenbururako, formarik hedatuena zela uste genuelako.

(G) zaharrerako Mitxelena-k garaizuma aldakia ematen du.

Guk forma hori bera Auza-n jaso genuen, bigarren lekukoak garizúme erantzun bazuen ere.

Bide beretik doa Gartzain-go garaizíme, bokal tonikoaren asimilaketarekin.

Bestalde, bokal arteko dardarkari bigunaren galera ere bi bazterretan gertatzen da: Basaburua-ko Beramendi eta Arrarats-en batetik eta, Iparraldeko mugan, Zugarramurdi-n, bestetik.

Edozein modutan, eta u bokalari lotuz, hiru erantzun ezberdin agertzen dira: kontserbazioa, galera, bokal erlaxatua ere tarteko urrats bezala gertatzen delarik, eta ezpainketa, atzeranzko dilazioa eginez.

Isoglosen distribuzioaren arauera, honako datuok ageri dira:

- u kontserbatzen da: Ultzamako Beramendi, Arrarats eta Auza-n, Aldatz-en eta Zugarramurdi-n.

- u erlaxatua: Beunza eta Eratsun-en.

- u - i aldaketa: Oieregi, Amaiur eta Gartzainen.

- Galera: Aniz, Arraioz, Oronoz-Mugairi, Donamaria, Sunbilla, Ituren, Etxalar eta Arantza-n.

Zein da galdu den hotsaren tinbrea?

Izan daiteke u bokalarena, baina, bestalde, ikusirik u - i zein tokietan gertatu den, baliteke i bokalaren galera izatea, baina ezin daiteke zehaztasunez esan zein izan den, ez bait da forma alternatiborik jaso.

Oronoz-Mugairi-n garizime agertzen bada ere, horrek berriro ere honako hauxe frogatzen du: Oronoz- Mugairi-ko hizkera euskalkien arteko muga-mugan dagoela.

47 GUTI (83)

u:- Kontsonantea + bokala, silaba askean.

u / i bokal aldaketak, orain arte ikusi dugun bezala, hasierako posizio absolutuan izan daitezke: irin, iltze; hitz barruan garizuma, ukitu.

Eta gerta daitezke hasierako silaba ez absolutuan ere mapa honetan jasotzen dugun hitzean gertatzen den bezala.

Hurrengo silabako bokalaren eragina norainokoa den ez da erraz jakiten, baina asimilaketa gertatzen dela ez dago dudarik.

Hona LAFON-ek (1934,669) azaltzen dituen isoglosak:

Le mot guti (lab., b.-nav. h. nav.) peu, guti (soul.), gutti (lab.), gutxi (guip., bazt.) est devenu guttu en salaz., mais gitxi en bisc..

Ez da oraingoa forma hau, (B) zaharrean ere horrela dokumentatzen bait da.

Aztertu dugun lurraldean ez da aldaketarik bokalei dagokienez, tonikoa / atonoa litzateke aldaketa bakarra, eta hori lexemari dagokio.

48A HUNTZ - 48B LAU HUNTZ (84-85)

u:- Bokala + kontsonantea, silaba trabatuan.

Ingurumen fonetikoa berdina denez, o bokalarekin loturik dagoen fenomenoa da, (66-67) mapetan azaldutakoa; horregatik mapa hau neurri batean komentatua dagoela esan daiteke.

Hemengo emaitzen tinkotasuna ikusirik, ondorio garbi bat atera daiteke: o - u aldaketa, sudurkari baten aurrean batez ere, oso ugaria da, baina alderantzizkoa, u - o alegia, ez da, guk dakigunez, inoiz gertatzen, eta gertatuko balitz, euskal bokalismoaren sisteman ondoriorik izanen zukeen.

Baztango hizketan osto osagaia itsekitzen diote hitzari eta Ultzamako azpi-euskalkian ere bai, Beunza-n; Bortzirietakoan Ituren-go B lekukoak; Zugarramurdi-n láu unzóndo jaso dugu.

Hontz hitzetik bereizteko beharrak eraginda izan daiteke, agian.

Azkenik, eta forma mugagabeekin jarraituz, -uu- sekuentzia ikusten da ia kasu guztietan.

Egia esan, traskribaketa inpresionista denean, hau-da, entzumen hutsez erabaki behar denean, ez da batere garbi bereizten geminatua ala luzatua den bokala.

Beheko oharretan bokal bakarra ere azaldu dugu, garbi somatu dugun kasutan.

Alabaina, goiko informazioan bokal bixkiak jartzea egokiago iduritu zaigu (...).